Skip to main content

Kalitatezko hezkuntza proiektua gara

Pasaia-Lezo Lizeoa, familiokin batera, gure seme-alabak hezteko kalitatezko hezkuntza proiektua eskaintzen saiatzen da. Ikasleak, pertsona bezala osotasunean hartuz, giza balorez eta gaitasunez gara daitezen laguntzen ditugu. Helburua bizitzaz gozatzen ikastea dugu, eta norbere sendotasuna eta autoestimua indartuz, erantzukizunak hartzeko gai izatea.

Euskaldunak eta euskaltzaleak gara

Ikastolak haurraren behar fisiko, afektibo eta emozionalak garatzen laguntzen du heziketaren bitartez, euskaratik eta euskaraz. Ikastola hezkuntza entitate euskalduna eta euskaltzalea delako, euskararen eta euskal kulturaren transmisioarekin, garapenarekin, normalizazioarekin eta sustatzearekin konprometitua. Euskara ez da komunikaziorako hizkuntza bat gehiago bakarrik, Euskal Herria bere osotasunean bizi ahal izateko giltza baizik. Horregatik, komunitate osoarekin batera, herritarrak euskal hiztun aktibo izan daitezen hezten ditugu, euskarazko etorkizun bat aukera erreala izan dadin ikasleentzat.

Komunitate sendoa gara

Pasaia-Lezo Lizeoa ikasleek, familiek eta profesional talde egonkorrak osatzen dugu, baina gure komunitatea zabalagoa da: ikasle ohiak, guraso ohiak, eta beste hainbat norbanako eta tokiko eragile. Era berean, Pasaiako eta Lezoko eragile gara, eta gure herrietako gainerako eragileekin elkarlanean aritzen gara. Antolaketa aldetik, familiek, langileek eta bazkide laguntzaileek osatutako hezkuntza-kooperatiba gara, baita Ikastolen Elkarteko mugimenduaren parte ere.