Skip to main content

Lizeoaren eginkizuna

Pasaia-Lezo Lizeoa partaidetza sozialean oinarritzen den ikastola da, hezkuntza entitate euskalduna eta euskaltzalea, pluralista eta kalitatezko hezkuntza eskaintzen duena. 

Bere eginkizuna gure seme-alabak hezteko familiok dugun eginkizunean laguntzea da. Hau da, gure seme-alabak, ikasleak, pertsonak bezala bere osotasunean hartuz, giza balorez eta gaitasunez hornitzen ditugu, bizitzaz gozatzen jakin dezaten, eta pertsonak bezala erantzukizunak hartzeko gai izan daitezen. Hori dena euskara eta euskal kulturatik kultur unibertsalera zabalduz egiten dugu, eta kultur unibertsaletik euskal kulturara eginez.

Lizeoaren helburuak

  • Gure seme-alabak formazio euskaldunaz hezi daitezen nahi dugu.
    • Euskal hiztun oso izatea nahi dugu, euskararen eta euskal kulturaren transmisioarekin eta garapenarekin konprometitu daitezen.
    • Euskal Herriko errealitate historiko, sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalean eragile izan daitezen nahi dugu.
  • Gure seme-alabak aniztasunean hezi daitezen nahi dugu. Hau da:
    • Pertsonen dibertsitatea –arrazakoa, fisikoa, gaitasunezkoa, sexuzkoa, orientaziokoa, soziala, ekonomikoa...- aintzat har dezaten nahi dugu.
    • Nonahi diren ideia eta portaera sozialak –politiko, filosofiko eta erlijiosoak- aintzat hartu, eta norberaren iritzi eta ikuspegi kritikotik abiatuta, besteena errespeta dezaten nahi dugu.
  • Gure seme-alabek jokabide demokratikoa landu dezaten nahi dugu. Beraz, jarrera kritikoa, kooperazioa eta elkartasuna praktika dezaten bultzatuko dugu, baita elkarrizketa, tolerantzia eta partaidetza aktiboa ere euren harremanetan, talde-lanetan, adierazpenetan, erabakietan.
  • Nahi dugu gure seme-alabek ohiko egoeretan –euren arteko harremanetan, hizkuntzaren erabileran...- ez dezaten sexu diskriminaziorik eragin, eta ezta nozitu ere.
  • Gure seme-alabak ingurumenaren arazoez jabetu eta haien konponbidean konprometitu daitezen nahi dugu.
  • Gure seme-alabak gizartearekiko konpromisoan hezi nahi ditugu. Beraz, gizartearen arazoen aurrean kezka agertu eta haien konponbidean konpromisoa hartzen duten pertsonak izatea nahi dugu.
  • Gure semeak autonomoak izan daitezen nahi dugu. Hau da, bizitza aurrera ateratzeko eta erabakiak hartzeko gai izan daitezen bultzatu nahi dugu.

Lizeoaren balioak

Leialtasuna: leiala dela ulertuz, printzipioetan oinarritutako pertsona izatea, emandako hitza aintzat hartzea, eta norberaren buruarekin koherentea izatea.

Errespetua: errespetuzkoa dela ulertuz, bestea den bezala onartzen duen pertsona izatea. Besteak pentsatzen edo esaten duenarekin bat ez etorrita ere, bestea errespetatzen lagunduko duen jarrera demokratikoaren jabe izatea.

Kritikotasuna: kritikoa dela ulertuz, bizitzea egokitzen zaizkion abaguneak, berezko irizpideekin baloratzeko gaitasuna duen pertsona izatea.

Entzuteko gaitasuna: hori dela ulertuz, besteak esaten duena jasotzeko gai den pertsona izatea. Hau da, errespetuzko jarrera neutraletik haratago, bestearen esanarekin inplikatzen den pertsona izatea.

Solidaritatea: solidarioa dela ulertuz, besteen beharren aurrean laguntzera egiten duen pertsona izatea.

Norberaren autonomia: autonomoa dela ulertuz, besteen esanen edota laguntzen zain egon gabe, eta gainontzekoak kontuan hartuz, bizimodua aurrera ateratzeko eta erabakiak hartzeko gai den pertsona izatea.

Sormena: sortzailea dela ulertuz, problema eta egoera desberdinetan aukera eta soluzio desberdinak bilatzeko gai den pertsona izatea.

Euskalduntasuna: euskalduna dela ulertuz, euskara ezagutu eta erabiltzen duena, eta Euskal Herria ezagutu eta maite duen pertsona izatea.

Beste kulturekiko begirunea: hori dela ulertuz, besteen kulturak onartzen eta errespetatzen dituen pertsona izatea.

Gizartearekin konpromisoa: konprometitua dela ulertuz, gizartearen arazoen aurrean kezka agertu eta haien konponbidean konprometitzen den pertsona izatea.

Ingurumenarekin konpromisoa: konprometitua dela ulertuz, ingurumenaren arazoen aurrean konprometitzen den pertsona izatea.

 

Lizeoaren pertsona eredua

Aurreko izaera, balore eta helburuetatik, nolako pertsonak hezi nahi ditugun irudikatzeko ariketa egin dugu Euskal Herriko gainerako ikastolekin batera. Bazatoz? liburuan jaso dira Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorraren zutabeak (Euskal Herriko Ikastolak., 2023). Horrela, gure hezkuntza jarduna gidatzeko iparrorratza osatu dugu, nolako pertsonak hezi nahiko genituzkeen paperera ekarrita. Hauek dira. Behin gure testuingurura egokitzeko ariketa eginda, proposatutako ezaugarri nagusiak:

Euskalduna

  • Euskal hiztun osoa
  • Euskal identitatea eta kultura bizi dituena
  • Eleanitza

Barne sendotasuna duena

  • Barne askatasuna duena
  • Heldutasun afektiboa
  • Ongizatea zaintzen duena
  • Bere buruarengan konfiantza duena

Erabakitzaile-ekintzailea

  • Jakin mina duena
  • Analitiko-kritikoa
  • Erresolutiboa

Eraldatzailea

  • Humanoa
  • Sortzailea
  • Solidarioa

Kooperatiboa

  • Lankidetzan diharduena
  • Erantzukidea
  • Enpatikoa
  • Komunikatzaile asertiboa
  • Autoeratua

 

Ildo estrategikoak

Euskara eta euskal kulturaren garapenean eragile izatea. Euskal kulturaren eta euskararen ezagutza eta erabilpena duten ikasleak heziko dituena eta haren gurasoen inplikazioa lortzen ahaleginduko dena.

Heziketa integrala eta prestakuntza akademiko ona eskaintzea. Ikasleak pertsona bezala bere osotasunean hartuz, giza balorez eta gaitasunez hornitu nahi duena, bizitzaz gozatzen jakin dezaten, eta pertsonak bezala erantzukizunak hartzeko gai izan daitezen.

Komunitate osoaren partaidetzan oinarritua. Elkarlana, begirunea eta komunikazioaren bidez, proiektua aurrera eraman, erabakiak hartzerakoan kide guztien partaidetza sustatuz.

Herrian txertatua eta herrigintzan lan eginez. Ikastolak ingurune sozialean integratua egotea nahi dugu, herrietako eragileekin eta baita ikastolen munduarekin elkarlanean arituz.

Kudeaketa eta baliabide egokiekin. Plan hau garatzea ahalbideratuko duten antolaketa, kudeaketa eta bitarteko egokiak ezarriz.

Kalitatezko hezkuntza

Pasaia-Lezo Lizeoko klaustroarentzat kalitatezko hezkuntza ikasleen gaitasunak bilatzen dituen hezkuntza da, batez ere nortasun (auto)kritikoa. Hori, curriculum eguneratu eta metodologia egokiaren bidez, ilusiozko giroan, eta langileok gustura egonez lortuko dugu.

Horrez gainera, kalitatezko hezkuntzak beste hauek ere bildu behar ditu: euskara eta euskal kultura sustatzea, komunitatearen asebetetzea bilatzea, emaitza onak ahalbidetzea, talde lanerako gogoa eta nahia piztea, ikasleei gizartean ongi moldatu eta txertatzeko tresnak ematea, Hezkuntza Proiektua komunitate osoarekin adostua izatea, eta erakunde dinamiko eta eraginkor batek eraginda izatea.

Hau da:

  • Ikasleen gaitasunak bultzatu
  • Curriculum eta metodologia egokiz
  • Euskara, euskaltzaletasuna eta euskal kultura bultzatuz
  • Hezkuntza Proiektua adostuarekin