Skip to main content

Haur Hezkuntza

Haur Hezkuntzako etapak 0 eta 6 urte bitarteko haurrak hartzen ditu. Lizeoak lilitegiko eta bi urtetik aurrerako haurrentzako gelak eskaintzen ditu.

Lehen urteak funtsezkoak dira haurraren garapenean. Etapa honetan, haurrak, besteak beste, gaitasun intelektualak, identitatea, gorputz-trebetasunak eta sozializaziorako oinarriak garatzen hasten dira. Funtsezkoa da etorkizunean aurrera egiteko oinarri sendoak eraikitzea.

Gure ustez, ikaskuntza haurraren jolasen bizipenean, esperientzian eta testuinguruan integratu behar da.

Adimen emozionala ardatz dugu. Sentimenduak ezagutuz, ulertuz eta kudeatuz gure haurrak emozionalki indartzea eta trebatzea da gure lehentasunetako bat.

Haur Hezkuntzako haurrentzat Lizeoak sarrera malgua eskaintzen du. Haurren eta familien erritmoak eta beharrak errespetatzeko. Arreta berezia jartzen diogu egokitze-aldiari, haurrak beste haur batzuekin, helduekin eta ingurune berriarekin ohitu behar duela ulertuta. Hori errazteko, lilitegia ezagutzeko, hezitzaileekin konfidantza harremana ezartzeko eta piskanaka gurasoen ondotik, gelan goxo geratzeko behar duen denbora eskeintzen diegu.

Era berean, ondo garatutako eta finkatutako tutoretza-plan bat dugu, ikasleei zein familiei ahalik eta arreta pertsonalizatuena emateko.

Haurrek Lizeoan jan dezakete; menuak INAL elikadura-aholkularitzak ikuskatzen ditu eta, sukalde propioa dugunez, gure seme-alabek etxean prestatutako janari goxoaz gozatuko dute kalitatezko produktuekin. Haur bakoitzaren elikadura-erritmoa errespetatuko da, gurasoen eta pediatren aholkuei jarraituz, eta edozein motatako alergia edo elikadura-intolerantzia kontuan hartuz.

Bereziki garrantzitsua da haur txikiak etxetik gertu egotea eta ingurune ezagun batean garatzea. Horregatik, eraikinak ditugu Antxon, Donibanen, San Pedron eta Lezon. Pasaiako Udal Lilitegia ere, Trintxerpekoa, kudeatzen dugu. Eraikin horiek haur txikien beharrak asetzeko egokituta daude, eta ingurune segurua eta hezitzailea eskaintzen dute

Lizeoan, haurraren garapen integrala funtsezkoa dela ulertzen dugu. Gure proiektuaren helburua haurraren dimentsio guztiak kontuan hartzea da, hazkunde orekatua eta betea ziurtatzeko.