Lanera itzultzeko prest! Ongi etorri 2013-14 ikasturtera

KALITATEZKO HEZKUNTZA, EUSKALDUNTASUNA, PARTE HARTZEA, HERRIGINTZA
Egun, badiaren urertzetan S.Pedroko, Antxoko, Lezoko eta Donibaneko ikastolak ditugu eta Jaizkibelgo magaletan eraikin nagusia deitzen duguna. Gure gizarteak garai zailak bizi ditu eta ikastola ez da estutasunetatik libre, baina zorioneko sentitzen gara, diruarekin ordaindu ezin den altxorra baitugu: ikastola indartsu eta kohesionatu bat osatzea. Horrek Pasaia eta Lezoko herrien oraina eta geroa hobetzeko gure ekarpena egiteko baldintzetan jartzen gaitu.
Eta egingo dugu. Despistatu edo lokartu gabe, gure Hezkuntza Proiektua oinarri hartuta, gure eginkizuna betetzeko lanean jarraituko dugu: euskalduntasunetik kultur unibertsalera eta kultur unibertsaletik euskal kulturara, tresnez hornituko ditugu gure haur eta gazteak, bizitzaz goza dezaten eta erantzukizunak hartzeko gai izan daitezen.
Hauxe nire desioa 2013-2014 ikasturtearen ataritan: egin dezagun elkarrekin bidea familiok, langileok eta herritarrok; egunero egunero gure baloreak bistatik galdu gabe baina gure gizartean sortzen diren erronka berriei etengabe egokituz.
Besarkada handi bat.
Elena Mendia, Zuzendaria.