Skip to main content

Eguberriko postala egin duen Garazi Kuesta lezoarrarekin hizketan

Irudia
-

Etxeetan jaso duzuen Eguberriko postalaren atzean dagoen sormen prozesua ezagutzeko, Garazi Kuesta ikasle ohiarengana jo dugu. Harekin hizketan aritu gara, “Elkartasunez” deitu duen postalaz. Ikasle garaian Lizeora iristen ziren ustezko bonba abisuen inguruko oroitzapenak ere partekatu dizkigu, umorez.

Ohikoa denez, postalak bertso bat era badakar. Doinua Joanes Illarregik jarri digu, duela gutxi Nafarroako Bertsolari Txapelketan txapeldunorde izandakoa —bere anaiaren atzetik—, eta egun Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklokoei bertsolaritza eskolak ematen dizkiena.

 

Garazi Kuesta: "Postalean nik errotuta ditudan balioak azaleratu nahi izan ditut, azken batean, Lizeoak berak ere lagundu zidan balio horiek nigan errotzen"
 

Irudia

 

Garazi, hasteko, aurkeztu zeure burua, mesedez

Bueno, lezoarra naiz. Diseinua ikasi nuen, baina errebotez. Ekonomikak ikasten hasi nintzen Sarrikon, eta, lehenengo hilean ez bazen, bigarrenean, konturatu nintzen hori ez zela nirea. Utzi egin nuen. Beti gustatu izan zait ilustrazioaren mundua, baina marrazten ez naiz oso abila eta kuadrillako batek diseinua ikasi behar zuela eta ni ere animatu nintzen. Donostiara joan ginen, Remigio Mendiburu Arte Eskolara (Barandiaran lizeoan zegoen orduan), eta hantxe ikasi nuen. Goi-mailako modulu bat zen. Eta hortik lanera, praktiketara, berehala hasi nintzen lanean.

Kontatu zein den zure harremana Lizeorekin?

Bueno, uste dut lehenengo jenerazioa izan ginela DBH egiten, 84koa naiz. Ikasle ohia, beraz, eta gaur egun bi urteko haur baten guraso ere bai.

Diseinuan lanean zabiltza, zertan aritzen zara eta zertan aritu zara?

Bai, ikasketak bukatuta praktiketan hasi nintzen diseinu estudio batean eta jarraian leku berean hasi nintzen lanean. Urte batzuk egin nituen han. Diseinu grafikoan lan egiten genuen, denetik. Baina aldaketa bat behar nuen eta duela hiru bat urte Antzan diseinatzaile gisa lan egiteko aukera suertatu zitzaidan. Aldaketa behar nuen han gaztelera zelako lanerako hizkuntza. Euskaldunentzako lan egin arren giroa erdalduna zen. Orain, Antzan, kontrakoa gertatzen zait. Lan harreman guztiak euskaraz dira, lan-giroa diferentea da.

Nola jaso zenuen eguberriko postala diseinatzeko proposamena? Sorpresa izan al zen?

Bai, bai, izugarrizko sorpresa hartu nuen, bai. Sorpresa ona, e!

Zein ideia transmititu nahi izan duzu ideia? Zein da mezua?

Elkartasunez. Postalean nik errotuta ditudan balioak azaleratu nahi izan ditut, azken batean, Lizeoak berak ere lagundu zidan balio horiek nigan errotzen. Irudikatu dut ezohiko familia bat, nahiz eta gaur egun ohikoagoa baden: guraso bakarreko familia bat ageri da sala batean.

Orokorrean Eguberria bisualizatzen dugu oso jendetsua, alaia. Marraztu dudan horretan, alaitasuna bada, baina ez da jendetsua. Lekua ez dago opariz gainezka. Eta agertzen diren opariek zentzu berezia dute. Kontsumitu dugun horretan, kontsumo hori bideratu daiteke beste modu batean. Horregatik, marrazkian agertzen diren opariak dira Errigorako kutxa bat edo Irrien Lagunak-en beste bat, horiek badirelako balio erantsi bat duten opariak.

Ezkerraldean, eskumutur bat ikusten da leihoan, eta badu Palestinako zapi bat... Etxeko neskatxak palestinar umeari bere liburuak eskaintzen dizkio. Guretzako eskubide bat da ikastea, baina gerran dauden herrialdeetako umeek ez daukate eskubide hori.

Etxeko salako liburutegian ere badira zenbait mezu… azalduko dizkiguzu?

Bai, atzealdean apal bat dago. Argia dago, aipatu dugun beste mundu hori bistaratzen duen komunikabideetako bat. Beste komunikabideetan kontatzen ez direnak kontatzen dizkigulako.

Badago Amets Arzallusen Miñan, migrazioari keinu bat eginez. Badago Xabier Portugalen liburu bat, azken batean, Pasaiako kulturan eta euskalgintzan erreferente izandako pertsona eta Lizeoan irakasle eta zuzendari izandakoa.

Juanba Berasategiri ere erreferentzia egin diot Kalabaza Tripontziaren irudi baten bitartez, euskal animazioaren aitzindari izandako pertsona. Naizen ere agertzen da, egiten duen lana aitortze aldera. AEK ere bai, euskararen alde egiten duen lanagatik. Badago Maialen Txoperenaren liburu bat, abusuei buruz hitz egiten duena. Eskola Kirola ere aipatzen dut egiten duen ekarpena aitortzeko. Saharako haurrek oporrak izateko eskubidea ere aldarrikatu nahi izan dut.

Zer aholku emango zenioke marrazkilari edo diseinatzaile izan nahi duen Lizeoko ikasle bati?

Lehenengo eta behin jakin dezala ofizio hau  existitzen dela. Egia da normalean bezero batentzako egiten duzula lan eta azkenean bere onarpena behar duzula, baina badira postal hau bezalako lanak askatasuna ematen dizutenak zure barruan duzuna emateko. Bueno, beti dago sormenerako lekutxoren bat.

Konpartituko al duzu gurekin Lizeoan ikasten zenueneko oroitzapenen bat? Anekdotaren bat?

Bueno, (barrez) ikasle ginela oraindik izaten ziren bonba-abisuak eta horrelakoak. Gogoratzen dut nola bazen San Juango ikaskide bat, ahots nahiko berezia zuena, ezagutzeko oso erraza, eta nola deitzen zuen idazkaritzara esanez: “Markox, Markox [Sistiaga], abiso bonba, abiso bonba”. Jakina, haiek badaezpada ikastola hustu behar zuten eta Platanitora joan behar izaten genuen. Denok genekien nork deitzen zuen, baina, txirrina jotzen zuten eta Lizeoa hustu behar izaten genuen.

Eta azkeneko galdera: zein zen zure txoko gogokoena Lizeoan?

Ni txikitan futbolean aritzen nintzen mutil guztiekin eta Inexarekin [Maritxalar], gaur egun irakasle dena. Han ibiltzen ginen, goiko pistan, futbolean. Belardia ere asko gustatzen zitzaidan, eguzkia ateratzen zenean ederki egoten zen. Eta gero, beste leku berezi bat: pezera. Pentsa, garai hartan han erre zitekeen. Gure buruari esaten genion: ze handiak garen!!!

Azken albisteak

Bidaia kulturalaren baitan, Batxilergoko bigarren mailako ikasleak Espainiako hiriburuan murgiltzeko aukera izan dute egunotan. 
Biharko Lizeoa eraikitzeko bideorria onartu genuen abenduaren 10eko Urteko Batzarrean, eta kronika txiki bat prestatu dugu bertan hitz egindakoak kontatzeko.
Aurten ere, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek Gabonetan bakartasun egoeran dauden adineko pertsonei zuzendutako postalak idatzi dituzte, maitasunez eta arretaz.