Udal Zerbitzuetako langileen lana ezagutzeko saioak, eskubidean programaren baitan
Eskubidean programari jarraiki, haur eta gazteen parte hartzea bultzatzeko garatze ari garen egitasmo honek helburu argia du: haur eta gazteak beraien herriko bizitzan agente aktibo bilakatzea. Beraiei dagozkien erabakietan, beraien hitza emateko aukera izatea eta dagokionak hitz hau entzuten ikastea.
Herritar aktiboak hezteko helburua Lizeoarena ere badenez, hasieratik izan dugu argi plan honetan parte hartzea onuragarria dela komunitate osoarentzat. Horregatik, joan den ikasturteaz geroztik, bai LHko eta baita DBHko zenbait ikasle ere aritu dira, euren artean, herriko beste ikastetxeetako kideekin eta Udaleko ordezkariekin proposamenak egin eta gauzatzeko bidean jartzen.
Asteotan Pasaiako Udaleko zerbitzuetako langileek egiten duten lana ezagutarazteko saioak izan dituzte. Lehen eskutik azaldu diete, besteak beste, beraiek eskatutako iturriak jartzeko zer hartu behar den kontuan.
Balio bezate lerro hauek haur eta gazteak beraien ekarririk onena eskaintzeko egiten ari diren ahalegina aitortzeko eta, halaber, beraiekin erabateko gertutasuna agertu duten udal langileen jarrera eskertzeko. Bejondeizuela!