KILOMETROETAN, ERRONKA HANDIA

Igande honetan, hilak 6, Kilometroak jaia izango da Tolosan, bertako Laskorain ikastolak antolatuta eta Euskara ahora! lelopean.

Hitz joko polita da leloa, euskarazko ahoa izena eta gaztelerazko ahora denbora aditzondoa tartekatuz. Eta polita ez ezik, garrantzitsua ere bada leloak iradokitzen diguna; euskaraz mintzatzea, orain eta egunerokoan, alegia.

Hain zuzen, horregatik da oso baliotsua Kilometroetara joatea. Batetik, ongi pasatzeko, festa egun batez gozatzeko eta euskara nahiz euskal kultura sustatzeko ekimena dugulako. Bestetik, Kilometroak eta ikastolen mugimenduak antolaturiko beste lau jaiak, oraindik ere, ezinbesteko zaizkigulako ikastola hezkuntza proiektuak ekonomikoki iraun ahal izateko.

Aurten, gainera, badugu beste pizgarri bat: Erronka izeneko lehiaketa, hain zuzen. Gipuzkoa osoko 24 ikastetxetako talde banak parte hartuko du; gure ikastola ordezkatuko duen taldeak, besteak beste. Goizez eta arratsaldez egingo dituzte probak Kilometroetan, zirkuituan barrena prestatutako guneetan. Eguerdian, berriz, bazkari herrikoia izango da Zezen Plazan.

Lizeoa zortzi ikaslez eta bi kapitainez osaturiko taldearekin ariko da lehian: Ane Miren Miralles eta Eulogio Genova irakasleak kapitain, batetik; eta Yokoy Mujika, Jokin Cuesta, Manex Gondat, Eneko Sagredo, Elene Sanz, Maider Amilibia, Irati Kamio eta Zuriñe Ruiz DBH 3 eta 4ko ikasleak, bestetik.

Munduko zorterik handiena opa diegu gure ordezkariei. Lizeoko hezkuntza komunitateko partaide orori, berriz, igandean Tolosara joateko gonbitea luzatzen diogu, gure taldea animatu eta babesteaz gain, ikastolen festa handia sostengatzeko asmoz.