PASAIAKO UDALAREN ETA LIZEOAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA

Abenduaren 18an egindako udalbatzarrean, Pasaiako Udalak Lizeoarekin duen hitzarmena aho batez onartu zuen. Albiste garrantzitsua gure hezkuntza komunitatearentzat, ezbairik gabe.

Aurki egingo da hitzarmen horren sinatze ekitaldia. Baina, aurrerapen gisa, nabarmendu nahi dugu Pasaiako Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztiek -PSEk, EH Bilduk, EAJk eta Podemosek- akordioan aitortzen dutela Lizeoaren jardueraren helburuak izaera publikoa duela. Denek ere gure ikastolak Pasaiako haur eta gazteen euskalduntzean egiten duen ekarpena nabarmentzen dute, eta, halaber, Udalarekin modu iraunkorrean egiten duen elkarlana.

Elkarlan eta aitortza horiek, dena den, ez dira kasualitate, Lizeoak sorreratik izan baitu izaera herritarra, ondo aski dakizuen bezala. Eta izaera hori da, halaber, hitzarmen honen nahiz Lezoko Udalarekin indarrean dagoenaren jatorria edo funtsa.

Hala, Pasaiako Udalarekin dugun hitzarmena ez da berria: 2001. urtean sinatuta akordioa du oinarri. Orain sinatu denak lau urteko iraupena du, eta bereziki jasotzen du Pasaiako egoera geografikoak eraginda ikasleak autobusez mugitzeak eragindako gastuan familiei laguntzeko asmoa duela.

Horrez gain, Udalarenak izan eta Lizeoak erabiltzen dituen edota Lizeoarenak izan eta herriak erabiltzen dituen eraikinen erabilera arauak ere jasotzen ditu.

Orain hitzarmenean jaso den ekarpena, aurretik zegoen hitzarmenaren aldean, gutxi gorabehera % 20 jaitsi da. Jaitsiera honek, badu hein batean bizitzen ari garen momentuarekin lotura: udal aurrekontuetan muga handiagoak daude pandemiaren eraginez.

Hori guztia kontuan hartuta, Lizeoko Artezkaritza Kontseiluan egindako balorazioak bietatik du. Oso pozik gaude, jakina, Udalak Lizeoari, aho batez, egin dion aitortzarengatik; baina, bestetik, eta egoera ekonomikoak hobera egiten duen neurrian, ekarpena lehengoratzeko eta diru kopurua handitzeko lanean jarraituko dugu udal ordezkariekin eskuz esku.