Skip to main content

ONKI programa aurkeztu dugu, Ikastolen Tutoretza marko berrian oinarritutako Plan Integrala

Irudia
-

Ikasleak, pertsona bezala, osotasunean hartuta eta Ikastolen komunitate osoaren inplikazioarekin abiatuko da datorren ikasturtean Ikastolen ONKI programa. Tutoretza ereduaren inguruan eraiki dugun marko eta egitasmo berria da. Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor berrian deskribatutako Pertsona Eredua hartzen du oinarri, eta  hura bezala, ikaslearekiko ikuspegi holistiko batekin landu da. Gaur aurkeztu dugu programa, Arantzazuko Gandiaga Topagunean, Oñatin, hezkuntza komunitatearen eta gizarte  eragileen aurrean.

Tutoretzan paradigma aldaketa ekarriko duen programa da ONKI. Izan ere, alderdi akademikotik harago doan programa da, Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorreko Pertsona Ereduan oinarritzen da, eta han ezarritako bost bereizgarriak (euskalduna, barne sendotasuna duena, erabakitzaile-ekintzailea, eraldatzailea eta kooperatiboa)  garatzeko diseinatu da. Ikaslea erdigunean hartuta, osotasunean jartzen du fokua eta haien ongizatea du xede. Era berean, irakasleak bezala, gurasoak ere inplikatzen ditu.

Pertsona eredu hori garatzeko bidean, ONKI programak hiru eremutan landuko ditu ikasleen gaitasunak: eremu pertsonalean, eremu sozialean eta ikasten ikasteko eremuan. Eta eremu bakoitzarentzat lanketarako proposamenak planteatzen ditu.

Astean gutxienez bi ordu programatu dira saioak egiteko ikasleekin. Horrek esan nahi du asteroko jarraitutasun bat izango duela programak, helburuetako bat  baita saio hauen iraunkortasun bat ziurtatzea, saio  hauen balioetako bat konstantzia baita. 

Aipatutako eremuak lantzeko  gaiak eta ariketak proposatuko diren arren,  garrantzitsuena ikasleen eta irakasleen arteko konfiantza gunea sortzea izango da. Langaien bidez, ikasleek bizitzan biziko dituzten egoera, erronka eta  esperientzien aurrean jarduteko behar dituzten eskumenak hartzea bilatzen da. Autoezagutzan sakontzeko,  oreka pertsonala eskuratzeko, oreka soziala bilatzeko, jazarpena ekiditeko, sexu hertsamena ekiditeko… ONKI programak gauza askoren inguruan hitz egiteko aukera emango du. Bizitzarako estrategiak emango ditu eta, era berean, prebentiboa izango da; bizitza orekatu baten bila abiatu, baina bizitzan aurkitzen ditugun egoerei eta oztopoei aurre egiteko bideak emanez jardungo du programak.

Horrekin batera, zaintza pertsonala eta zaintza soziala sustatuko  dira.

Irakasleak eta gurasoak

ONKI programak ez du fokua bakarrik ikasleengan jarriko irakasleengan ere bai baizik.  Alderdi horretatik, ONKI programak bilatzen du irakasleak ere bere barrura begiratzea beren introspekzioa egitea. Horregatik, programaren edukiak, ariketak, haien lanketa eta beste argibide batzuekin batera, irakasleen prestakuntza saioetan alor hau ere jorratuko  da.

Gurasoentzat ere aukera bat izango da gai korapilatsu berak jorratzeko, azkenean bai irakasleek eta bai gurasoek, guztien artean bide hauek eraikitzen badituzte, lagundu egingo baitiete seme-alabei, ikasleei. ONKI programak emango du irakasleen eta gurasoen arteko eguneroko harremanak eta komunikazioak beste modu batera jorratzeko aukera. Alderdi akademikotik harago, plan honek aukera emango du elkarrizketa horiek beste modu batera bideratzeko, beste dimentsio batera eramateko, eta gurasoekin ikaslearen beste ezaugarri batzuk partekatzeko.

ONKI programa heldu den ikasturtean abiatuko da ikastoletan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Hurrengo ikasturtean, berriz, Lehen Hezkuntzara ere igaroko da.

Jendaurreko aurkezpena

Arantzazuko Gandiaga Topagunean aurkeztu dugu gaur ONKI programa. Ikastoletako komunitatearen eta hezkuntza eta  gizarte eragileetako ordezkarien aurrean izan da  aurkezpena. Agurne Barruso Ikastolen Elkarteko zuzendariaren agur hitzen ondotik, Zigor Ibarzabalek eta Eli Altolagirrek hartu dute hitza, hurrenez hurren, Ikastolen Elkarteko Hezkuntza zuzendariak eta ONKI programaren diseinatzaile eta Ikastolen Elkarteko Orientazio taldeko kideak. Bien artean mamitu dituzte ONKI programaren xehetasunak eta tutoretzan ekarriko dituen aldaketak.  Mahai inguru bat ere izan da ondoren. Ikastolen Elkarteko Haur eta Lehen Hezkuntzako arduradun eta KUKU emozio programaren sortzaile Amaia Ayerrak, Eli Altolagirrek eta Harremanak taldeko Olatz Berastegik hartu dute parte.

Azken albisteak

Bixi-Bixi elkarteak, Saharatik Lezora eta Donibanera uda pasatzera etorriko diren sei urtetik 12 urtera arteko umeentzako udako arropa eta oinetako bilketa martxan jarri du.
Ikasturte osoan zehar eguerditan ikasleek egin dituzten jarduera berezien emaitzak erakusteko garaia iritsi da. Bideo honetan goiko eraikinean eta Lezoko ikastolan egindako emanaldien laburpena ikusiko duzue!