Mohammad Farajallah bisitan izan dugu eraikin nagusiko liburutegian. Cisjordanian jaiotako gonbidatuak Palestinak gaur egun bizi duen egoera azaldu die ikasleei, bere bizipen pertsonaletatik abiatuta.
Ikasturte honetan DBH2ko ikasleek Proiektu Komunitarioak ikasgaian Palestinaren egoera lantzea erabaki dute, horregatik, hitzaldi hau aukera paregabea izan da lehen eskutik han gertatzen ari dena ezagutzeko.
Mohammadek kontakizun indartsua egin du, telebistan ikusten dugun errealitatea ez dela berria azpimarratu du, eta gogorarazi du, bera Intifada garaian, 80-90eko hamarkadetan umea zela. Kontatu du beldurraren kontzeptua Palestinatik atera zenean sentitu zuela lehen aldiz, han bizi zena “normaltasun” gisa barneratua baitzuen.
Gazteen egunerokotasunaz ere jardun da: askok eskolara joateko aukerarik ez dute, eta eskolara doazenak, Israelgo armadaren kontrolaren menpe daude; egunero erabakitzen baitute sarbidea irekiko duten ala ez. “Palestinan, milaka gaztetxok nahiko lukete zuen egoera berean egon”, esan die gure ikasleei.
Mohammadek esan die argindar eta ur hornidura, herri batetik bestera joateko eskubidea... guztia dagoela Israelen erabaki arbitrarioen menpe.
Topaketa honek gure ikasleei aukera eman die gatazka humanitario baten atzean dauden pertsonen bizipenak ulertzeko eta elkartasunaren balioa sakontzeko.