 
"Ahalik eta irakasle hoberena izaten saiatu naiz beti. Fisikako irakaskuntzan hasiera hasieratik eredu modernoak sartu nituen, eredu eraikitzailea, eta iraultza digitala etorri zitzaigunean klaseetan integratu nituen: sentsoreak, simulazio programak"
Lizeoan pozik eta harro gaude gure irakasleetako bat, Mikel Etxaniz Añorga, berriki saritua izan delako. Mikelen lanak eta konpromisoak errekonozimendu garrantzitsua jaso du: 2025eko Bigarren Hezkuntzako Fisika Irakaskuntza eta Dibulgazioaren Saria, Espainiako Fisika Elkarteak eta BBVA Fundazioak emana.
Epaimahaiak nabarmendu ditu bere ibilbide profesionala, irakaskuntzarekiko etengabeko konpromisoa, ikerkuntzan egindako ekarpenak eta fisikaren irakaskuntzan baliabide berritzaileak txertatzeko gaitasuna. Horregatik guztiagatik, Mikel erreferente bihurtu da fisikaren irakaskuntzan.
Gure zorionik beroenak helarazi nahi dizkiogu eta, aldi berean, elkarrizketa honen bitartez, aukera paregabea dugu bere ibilbideaz, esperientziaz eta etorkizuneko erronkez gehiago jakiteko.
Mikel, zein da zehazki jaso duzun saria?
Sari hau Real Sociedad Española de Fisikak ematen du, Espainia mailan dagoen fisikarien erakunde bat da eta urtero saritzen ditu ikertzaile gazteak edo ibilbide nabarmen bat egin duten pertsonak.
Badut lagun bat hor dabilena eta berak animatu ninduen aurkeztera, “Mikel, aurkeztu behar duzu, zure curriculuma oso ona da”, esaten zidan. Saritzen dutena da ibilbide bat, ez lan konkretu bat, ez eta unitate bat… ibilbide osoa saritzen dute. Aurkezten zarenean zure curriculuma presentatu behar duzu eta horren bermea ematen duten RSEF-ko hiru kide behar dituzu. Batek aurkeztu egin behar zaitu eta beste biek bermatu behar dute Curriculumean jarrita dagoen guztia egia dela; haien lana da esatea: “bai tipo honek hor jarri duen hori egin du”.
Jakina, pozik egongo zara?
Bai, bai, oso pozik: Egindako lanari aitortza bat da eta.
Zergatik uste duzu nabarmendu dutela zure lana?
Ni beti dedikatu naiz bigarren hezkuntzako irakasle izatera. Ez dut lanik egin unibertsitatean, ez dut doktoretzarik egin, baina ahalik eta irakasle hoberena izaten saiatu naiz beti. Fisikako irakaskuntzan hasiera hasieratik eredu modernoak sartu nituen, eredu eraikitzailea, eta iraultza digitala etorri zitzaigunean klaseetan integratu nituen: sentsoreak, simulazio programak… Uste dut hori saritu dutela, irakasletzari emandako dedikazioa eta lana ondo egin izana.
 
Epaimahaiak aipatu du ikasgelan baliabide tekniko eta metodologiko berriak txertatu dituzula. Azalduko al diguzu adibideren bat?
Fisikan hipotesien egiaztapenak egin behar dira. Adibidez, ikasleei galdetzen diegu: presioaz ari garela, zer gertatzen zaio gas bati tenperatura igotzen denean? Presioa igotzen dela, bai, baina, nola? Zer erlazio matematiko dago presioa eta tenperatuta artean? Betiko tresnekin ezinezkoa zen gas batek ontzi batean egiten duen presioa neurtzea. Sentsoreak asmatu ziren arte. Orain dela 20 urte hasi ginen gu ontziei sentsoreak jartzen eta berotzen genuen heinean tenperatuta eta presioa neurtzen. Ordenagailuan grafiko batean agertzen zaizkigu, momentuan, presioaren balioa, tenperaturaren balioa eta bien eboluzioa. Hala, datu horiek, hasieran egindako galdera egiaztatzea ahalbidetzen digu.
Hemen landu dugun beste kontu bat eta aipagarria dena da simulazio programena. Zaila litzateke golf pilota baten mugimendu parabolikoa egoki aztertzea. Hemen, horrelako lanak aztertzeko simulazio programa bat daukagu. Bideo joko bat balitz bezala parametroak alda ditzakegu: hasierako abiadura, angelua, haizea dabilen edo ez… eta simulazio programa horrek emaitza ematen digu.
Hori dena ekarri duzu Lizeora?
Bai, aspaldi hasi ginen berrikuntzak ekartzen, batez ere Mikel Gil lankidearekin elkarlanean. Uste dut hori dela, azken batean, saritu dutena: baliabide teknikoen erabilera irakaskuntzan.
Testu-liburuak eta material didaktikoa ere sortu duzu. Nolatan hasi zinen horrelako lanetan?
Hori nire irakasle ibilbidearen hasieran izan zen. 90. hamarkadan. Emi Mujikarekin, hemengo irakasle izandakoarekin, testugintzan sartu ginen, eredu eraikitzailea gauzatu nahi genuen. Baina testu liburu horiek jada zaharkituta geratu dira, e! Gaur egun editorialek esanda testu liburu batek hamar urte baino gehiago ez du irauten.
Nolakoa izan zen testu-liburuak sortzeko prozesua?
Testuak sortu aurretik irakasle talde bat sortuta genuen, Emi eta ni neu Lizeokoak, eta beste bi irakasle, bata “peritos” eskolakoa eta bestea Hondarribiko institutukoa. Laurak formakuntzan lanean ari ginen eta erabaki genuen talde bat sortzea, ni hasi berria nintzen, urte bete baino ez. Zorte handia izan nuen. Hasi berritan, ez nuen ulertzen ikasleek zergatik ez ninduten ulertzen, nik gauzak hain garbi esplikatuta! Eta orduan, aukera izan nuen formakuntza batean parte hartzeko. Karrera bukatu eta ideiarik ez genuen didaktikari buruz. Han hasi ginen entzuten aurrekontzeptuak bazeudela, eskema alternatiboak bazirela, horiek azaleratu egin behar zirela, erakutsi behar zirela faltsuak zirela… Horrela hasi ginen ikasten. Gainera, orduantxe etorri zen erreforma, DBH etorri zen, eta Erein argitaletxeak pentsatu zuen testu liburuak sortu behar zirela. Gu dagoeneko lanean ari ginen eta gurekin harremanetan jarri ziren testu liburu haiek sortzeko. Urte dexente eman genuen lan horretan, kristoren lana, baina, era berean, oso atsegina izan zen. Zuk sortu duzun material batekin lan egitea oso atsegina gertatzen zen.
Hasi berritan, ez nuen ulertzen ikasleek zergatik ez ninduten ulertzen, nik gauzak hain garbi esplikatuta! Eta orduan, aukera izan nuen formakuntza batean parte hartzeko. Karrera bukatu eta ideiarik ez genuen didaktikari buruz. Han hasi ginen entzuten aurrekontzeptuak bazeudela, eskema alternatiboak bazirela, horiek azaleratu egin behar zirela, erakutsi behar zirela faltsuak zirela…
Irakasleen prestakuntzan ere lan handia egin duzula dio RSEFk. Nolako esperientzia izan da beste irakasleekin lan egitea eta haiei laguntzea?
Bai, aipatu berri dugun testugintza lan hori dela eta ikastaroak antolatzen zituztenean, gu jada jantzita geundenez, horretan aritu ginen urte askotan: irakasleei ikastaroak ematen. Hezkuntza Saialak irakasleentzako formakuntzak antolatzen zituenean hara joaten ginen gu. Sentsoreen inguruko ikastaro asko eman izan ditut, oso lan atsegina da, oso esker onekoa.
Etorkizunena begira jarriko gara: zein erronka ikusten dituzu etorkizunean Fisikaren irakaskuntzan?
Buff, oraingo egoera larria da, irakaskuntzarena orokorrean. Pantailak, smartphoneak, umeei dena egiten uzteak, inoiz ezetz ez esatea, umeek frustrazioa zer den ez jakitea… Horren guztiaren ondorioz sortzen ari dira nerabe emozionalki oso ezegonkorrak. Kontzentratzeko zailtasunak dituzte. Nik ez dut ikerketa sakonik egin, baina intuizioak esaten didanaz ari natzaizu: gaur egun oso zaila da ikasle baten atentzioa mantentzea 20-30 minutu baino gehiago, nahiz eta gauza oso interesgarriak kontatu. Ohituta daude oso input azkarretara. Irakaskuntzarentzako hori oso txarra da, beraz, irakasle berriek erronka zaila daukate!
Ikasleen aurrean gauza desberdinak egiten badituzu, ikusten badute zuk zure klaseak prestatzen dituzula, baaaa, nolabaiteko prestigioa lortzen duzu haien aurrean. Ikasleak konturatzen dira: kontxo! tipo honek eskaintzen didana landuta dakar
Hala ere, izango duzu aholkurik irakasle gazte berrientzako?
Gogoz aritzeko, aprobetxatzeko dauzkan aukerak gauza berriak egiteko, zeren, gero, oso esker oneko lana da. Lan handia da, bai, baina ikasleen aurrean gauza desberdinak egiten badituzu, ikusten badute zuk zure klaseak prestatzen dituzula, baaaa, nolabaiteko prestigioa lortzen duzu haien aurrean. Ikasleak konturatzen dira: kontxo! tipo honek eskaintzen didana landuta dakar, eta horrek esker ona besterik ez dizu ematen.
Eta azkenik, nola ospatuko duzu sari hau?
Sari banaketa ofiziala Madrilen izango da, emaztearekin noa eta alaba ere apuntatu zaigu. Abenduaren 4an izango da. Fisika elkartekoak, BBVAkoak, agian ministroren bat (kar-kar-kar),… gu ere han egongo gara. Ospatuko dugu bai, gure aldetik bazkari bat egingo dugu lagunekin eta.
 
