Larunbatean bizi izan genuena ez da erraz hitzetan azaltzen. 50 urteko bidea ospatzeko elkartu ginen, baina batez ere, bide hori posible egin duen komunitatea ospatzeko. Belaunaldi ezberdinetako ikasleak, familiak, langileak, irakasle ohiak, sortzaileak eta lagunak plazan elkartu ginen, duela mende erdi amets bat izan zena gaur egun bizirik dagoen errealitatea dela ospatzeko.
Ekitaldia nagusiaren aurkezpen lanetan gure komunitatearen izaera islatu nahi izan genuen, hiru belaunaldi igo ziren oholtzara: Agustin Migeltorena, irakasle eta zuzendari izandakoa; Arrate Hernandez, ikasle ohia; eta Leah Bogaz, gaur egungo ikaslea. Iragana, oraina eta etorkizuna elkarrekin.
Ekitaldian zehar, aitortza egin genien Gaztelutxo Guraso Elkarteko sortzaileei, familiei, irakasleei eta ikasleei, ikastola eraiki eta bizirik mantendu duten guztiei. Era berean, Lizeoak badiari egin dion ekarpena nabarmendu genuen, eta euskararen alde egindako lanaren zein euskaldun izatearen harrotasunaren aldarria egin genuen.
Teo Alberro eta Mikel Arruti, Pasaiako eta Lezoko alkateek ere hitza hartu zuten, Lizeoak herrietan egindako ekarpena eskertzeko. Nekane Artolak, Lizeoko eta Ikastolen elkarteko lehendakariak, berriz, euskaldun izatearen harrotasuna azpimarratu zuen bere hitzaldian.
Une berezietako bat izan zen Lamiak, Illunbe, AlkarTxiki, Murixka eta Lintxua dantza taldeetako dantzariek Agintariarena dantzatu zutenean. Baina hunkigarrienetako bat, zalantzarik gabe, Jurgi Ekizak eta ikastolako abesbatzak "Zor diegu" abestiaren estreinaldia egin zutenean iritsi zen. Abesti horrek ezin hobeto laburbiltzen du sentitzen duguna: gaur garena, gure aurretik etorri zirenei zor diegula.
Horren erakusgarri, Lurdes Sistiaga irakasle ohia igo zen oholtzara aitortza jasotzera, omendutako pertsona guztien ordezkari gisa.
Amaiera artistikoa, berriz, Pantalan antzerki taldearen eskutik iritsi zen. Hitzik gabeko antzerki musikatu baten bidez, gure historiaren errepasoa egin zuten: klandestinitateko urte haietatik gaur egunera arte. Taldeak, duela 50 urte badiaren inguruan ikastolak sortzea erabaki zuten ameslari haien ausardia gogorarazi zigun, eta haiek hasitako bideak gaur ere bizirik dirauela erakutsi zigun.
Ekitaldi nagusiaren ondoren, ospakizunak aurrera jarraitu zuen. LH5eko eta LH6ko ikasleek ikasturtean zehar ikasitako euskal kanten erakustaldia eskaini ziguten kantujira eder batean, eta plazak berriro ere kantuz bete ziren, belaunaldi gazteenek euskal kulturaren transmisioan duten lekua agerian geratuz.
Eguerdian, Rosak mimoz prestatutako bazkarian 600 lagunetik gora bildu ginen Ibaiondon. Mahaiaren bueltan elkartu ziren ikasle ohiak, familiak, langileak, irakasleak eta lagunak, oroitzapenak partekatzeko eta etorkizuneko amets berriak elkarrekin irudikatzeko.
Bazkalostean, berriz, musikak hartu zuen lekukoa. Lizeotar musikariek jarri zioten soinu banda ospakizunari. Andoni Ollokiegik kontzertua eskaini zuen frontoian, eta ondoren, Elektrotxuflak Antxoko kaleak musikaz eta giro onez bete zituen, eta jendea kalez kale dantzan eta ospakizunean murgilduta!
Pozik, hunkituta eta eskertuta amaitu genuen eguna. Larunbatean berriro ere egiaztatu genuen Lizeoa ez dela ikastetxe soil bat. Komunitate bat gara. Belaunaldiz belaunaldi eraiki den proiektu kolektibo bat. Eta 50 urte bete ondoren, etorkizunera begira indarrez eta ilusioz jarraitzen duen herri ekimen bat.
Duela 50 urte, badiaren inguruan ikastolak sortzea erabaki zuten ameslari batzuek lehen harria jarri zuten. Gaur, milaka pertsonaren ahaleginari esker, proiektu hark bizirik jarraitzen du.
Eskerrik asko Plazara! posible egin zenuten guztioi. Mende erdia egin dugu elkarrekin. Eta aurrera ere, mende erdia aurretik. 💚