Bi urtekoen geletan udazkena lantzen ari gara, artearen eta zentzumen-esperimentazioaren bidez. Oraingoan, tenperak erabiliz, udazkeneko koloreekin mural bat sortu dugu, koloreak nahastuz, materialak manipulatuz eta esperientziaren bidez ikasiz.
Jarduera honetan, tenperak hartu, ukitu eta paper erraldoi batean zabaldu dituzte. Koloreak nahastean, tonu berriak sortzen direla ikusi dute, probak eginez eta emaitzak behatuz. Horrela, koloreen arteko harremanak deskubritzeko aukera izan dute, esperimentaziotik eta jakin-minetik abiatuta.
Ukimena ere funtsezkoa da prozesu honetan. Tenperaren testura eskuetan sentitzea, pintura ukitzea eta zabaltzea, eta materialarekin askatasunez esperimentatzea ikaskuntzaren parte dira. Izan ere, material desberdinak manipulatzeak zentzumenak estimulatzen ditu eta haurrei ingurua esploratzeko aukera ematen die.
Koloreak, testurak eta sormena uztartuz, udazkena beste modu batean ezagutzen ari dira gure txikiak: eskuekin esperimentatuz eta beren sorkuntzaren bidez ikasiz.
«Udazkena», Lilitegiko abestien bilduman
Bideoan entzuten den abestia ere gure webgunean dago eskuragarri. «Gure berri» atalean, «Lilitegiko abestiak» bilduman, Udazkena kanta aurkituko duzue, beste hainbat abestirekin batera. Entzun eta gozatu gure txikiekin!