Skip to main content

EUSKARALDIA PASAIARA!

Baina… Zer da Euskaraldia? Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat izango da: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen duten guztien artean euskaraz hitz egiteko ariketa kolektiboa. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, egunerokoan eragitea da asmoa. Horretarako, ahobizi (euskal hiztunak), eta belarriprest (euskara hitz egin ez, baina ulertzen dutenak) figurak erabiliko dira, orain arte hainbat tokitan egin den moduan.

Euskaraldia ekimena Pasaian nola antolatu aztertzeko, martxoaren 21ean, 18:00etan, Trintxerpeko Alkateordetzan, Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak hitzaldia antolatu du EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea den Pello Jauregi antxotarrarekin.

Hausnarketa horretarako Pello Jauregik bikain ezagutzen duen Lasarte-Oriako esperientzia hartuko da abiapuntutzat, bera ibili baitzen, beste hainbat lasartearrekin batean, ekimena lantzen eta antolatzen.

Euskararen Aholku Batzordeak Euskaraldia egitasmoarekin bat egitea erabaki du, eta berau antolatzeko herritar eta eragileei aukera eman nahi die. Eta Lizeoak ere hitzaldira gerturatu, egitasmoa ezagutu eta antolakuntzan parte hartzeko deia zabaldu nahi du.

Horrez gain, ostegunean hasi eta larunbata bitartean Antxon, eta uda baino lehen Donibanen, Euskaraldiaren entsegu moduan egin nahi dituzten ariketetan parte hartzera ere gonbidatu nahi zaituztegu.

Anima zaitez eta parte har ezazu erronka eder honetan!

Azken albisteak

Donibaneko Bixi-Bixi Elkartearekin elkarlanean, Lizeoak Saharako errefuxiatuen aldeko arropa bilketa egin du.
Lezoko Hezkuntza Foroak familiei zuzendutako prestakuntza-ziklo berri bat jarri du martxan, gaur egungo hezkuntzaren erronkei eta eguneroko b
Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako ikasleek egun zoragarria pasa dute Pagoeta Natura Parkean.