SOLASALDIAK IDAZLEEKIN, IRAKURZALETASUNA SUSTATZEKO ASMOZ

 

Azken hilabetean Lizeoko maila nahiz ziklo askotako ikasleek idazle ugari ezagutu eta haiekin elkartzeko aukera ederra izan dute, Pasaiako Udalaren Euskaraz irakurzaletasuna sustatzeko egitasmoa-ren baitan. Pandemia egoera honetan, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan egin dira saio guztiak, osasun neurri guztiak aintzat hartuz eta, halaber, solasaldietarako giro atsegina bezain lasaia bermatuz.

Azaroaren 11n eta 13an, esaterako, LH 1 eta 2ko ikasleek adi-adi jarraitu zituzten Maite Franco ipuin kontalariaren saioak.

Abenduaren 4an, berriz, LH 4ko ikasleak Ibon Martin idazlearen bisita jaso zuten, Oninen abenturak bildumako eleberriak irakurri baitituzte ikasturte honetan. Galderak prestatuta joan ziren gure ikasleak, eta liburuak ere eraman zituzten, Martinek sina zitzan. Gainera, hark prestaturiko altxorraren bila jolasean aritu ziren, gogor eta gogoz.

Abenduaren 10ean eta 11n, bitartean, Antton Kazabon idazlearekin elkartu ziren DBH 1eko ikasleak, oraingoan, Euskal Idazleen Elkartearen Idazleak ikastetxeetan proiektuari jarraiki. Bisera gorria eleberriaren lanketa egin dute gelan, eta lan horri buruzko solasaldia izan zen, baita sortze-prozesuei buruzkoa ere.

Azkenik, eta abenduaren 11n ere bai, LH 3koek Mikel Santos Belatz komikigilearekin elkartzeko parada izan zuten, Munstro txikiak bilduma ardatz hartuta. Ikasleen galderei erantzuteaz gain, Santosek marrazkigileen trikimailuak eta sekretuak erakutsi zizkien. Hark egindako irudiak, gainera, geletako hormetan dituzte eskegita, oroigarri preziatu gisa.

Gabonak eta oporrak datozen honetan, beraz, jarrai dezagun irakurzaletasunaz gozatzen!