Gaur garena ez zen egun batetik bestera sortu. Pasaiako eta Lezoko ikastola txiki haietan hasi zen gure historia, euskaraz ikasteko eta hezteko herritar askok egindako ahaleginaren eta auzolanaren ondorioz.
Antxon, Donibanen, San Pedron, Trintxerpen eta Lezon, gurasoek, andereñoek eta herritarrek ikastola txikiak sortu zituzten, garai zaila izan arren euskarazko hezkuntzaren aldeko bidea eginez. Hasierako proiektu haiek elkarren artean harremanak sendotzen joan ziren, eta, pixkanaka, ikastola guztiak elkartzeko prozesua abiatu zen. Bide horren emaitza da gaur egun ezagutzen dugun Pasaia-Lezo Lizeoa.
Orain, gure 50. urteurrenaren testuinguruan, historia horren zati garrantzitsu bat ezagutzeko eta garai hartako ahotsak entzuteko aukera izango dugu Badiako ikastola txiki kementsu haiek dokumentalari esker. 30etik gora pasaitar eta lezoarren testigantzak, argazkiak, bideoak eta garai hartako bizipenak bildu dituzte Ahotsak.eus proiektuko kideek ikus-entzunezkoan.
Aurkezpen-ekitaldian, dokumentalaren lehen emanaldiaz gain, Lizeoko ikasleek Jurgi Ekiza musikariarekin batera sortutako Zor diegu abestia kantatuko dute. 50. urteurrenerako sortutako kantuak gure komunitatearen historia eta bidea egin duten guztiei aitortza egiten die, eta ezin hobeto lotzen da dokumentalaren eta ospakizunaren esanahiarekin.
Aurkezpen-ekitaldia
Urriaren 2an, ostirala, 19:00etan
Juanba Berasategi aretoa, Donibane
Sarrera Bibe.me plataformaren bidez erreserbatu behar da, edukiera bete arte.
Gure historia ezagutzeko, garai hartako testigantzak entzuteko eta gaur garenaren atzean dagoen bidea gogoratzeko aukera izango da.