Skip to main content

Euskaraldia martxan, elkar mugituz euskaraz gehiago!

Irudia
euskaraldia

Azaroaren 20an Euskaraldia hasi zenetik gure ikastolan ere ariketa sozial masibo honekin bat egin dugu. Aurten, Elkar mugituz egingo dugu lelopean, hizkuntza-ohiturak astindu eta euskararen erabilera areagotzeko urratsak egiten ari gara, txiki zein handiren artean.

Irakasleok eta langileok Euskaraldiko txapa jantzi dugu ilusioz, eta momentu hori bideo batean jaso dugu, Lizeoko komunitateari mezua zabaltzeko: prest gaude euskaraz gehiago egiteko, elkarrekin!  

Bestetik, Lezoko Errotako Guraso Taldeak ekimen zoragarri bat jarri du martxan: Lezoko ikastolako kanpoaldea eta barrualdea euskarazko esamolde goxoekin apaindu dute. Hormetan barrena aurki daitezke muxu bat, egun on, zer moduz?, maite zaitut bezalako esamoldeak. Helburua argia da: haur zein gurasoak euskarara hurbiltzea eta erabilera naturala bultzatzea.

Eta gure ikastola txikietan, haur txikiek ere badute zer esanik: xaxatzailearen rola hartu dute, eta helduak euskaraz hitz egitera animatzen dabiltza. Gogoz ari dira parte hartzen, eta ikustekoa da nola eragiten duten txikien konplizitateak eta ausardiak.

Eskerrik asko Euskaraldian parte hartzen ari zareten guztioi! Lizeoko komunitatea elkarrekin mugitzen da, euskaraz bizitzeko konpromisoz eta ilusioz.

Azken albisteak

Lezoko Udalaren ekimenez, UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) Irati ikastolako bost urteko gelara gerturatu da ikasleekin zein gurasoekin egotera.
Errota Guraso Taldeak aurten ere Udaberri Festa antolatu du, eta ikastolako komunitate osoa gonbidatuta dago!
Haur Hezkuntzako bost urteko geletako ikasleak datorren ikasturtera begira dabiltza jada.