
Haurrentzako koloreztatzeko Lezoko mapa aurkeztu dugu gaur goizean. Lezoko txoko, pertsonaiak eta eraikin nagusiak ezagutzeko sortutako mapa da.
Errota Guraso Taldeak, Pasaia-Lezo Lizeoaren laguntzarekin eta Lezoko Udalaren babesarekin, haurrentzako koloreztatzeko Lezoko mapa osatu du. Herriko txoko eta pertsonaiak, naturaguneak, eraikinak eta askoz gehiago jasotzen ditu, modu erraz eta interaktiboan erabil daiteke eta datozen egunetan iritsiko da Lezoko etxeetara.
Errota Guraso Taldea Lezoko txoko, eraikin nagusi eta pertsonaiak biltzen dituen mapa egiteko ikerketa lanetan hasi zen, Pasaia-Lezo Lizeoaren laguntzarekin. Elementu guztien inguruko informazioa biltzen hasi ziren eta Hezkuntza Foroan aurkeztu zuten proiektua eta bertan herri-mailan zabalkundea emateko erabakia hartu zen.
Lezo herri hezitzailea izateko helburua du Hezkuntza Foroak, eta mapak honekin bat egiten du. Ikastetxeetan eta ikastetxeetatik kanpo, edonon, erabiltzeko pentsatuta dago, herriko ondarearen transmisioa egiteko eta herri nortasuna indartzeko.
Mikel Arruti Lezoko alkateak adierazi duenez, horregatik zabalduko zaie herritar guztiei, ez delako herriko gaztetxoenei bakarrik zuzentzen, nahiz eta haientzat egina dagoen, “badakigu herri baten ondare kulturala eta naturala denon artean ezagutu, mantendu eta zaindu behar dela. Herri nortasuna indartzeko tresna izango da.
Errota Guraso Taldeko Ane Aznar Ugaldek eta Itziar Salaberria Arregik maparen zehaztasunak azaldu dituzte. Euskal Herrian horrelako maparik badago eta ideia horretan oinarrituta Lezokoa egitea erabaki zuten. Informazioa biltzen hasterako konturatu ziren gauza asko daudela herrian kontatzeko eta bidelagunak topatu zituzten informazio guztia osatu ahal izateko.
Herriko ondarea bildu eta gaztetxoenei transmititzea izan da tresna honen helburua. Horregatik mapa margotzeko irudia da, fondo zuria eta lerro beltzez egindako siluetekin osatuta. Atzealdean Lezoko txokoak, pertsonaiak, naturaguneak, kirol esparruak, auzoak… eta beste hainbat leku esanguratsuren informazioa jaso dute.
Lan handiko proiektua izan da, pertsona askoren laguntzaz osatu dutena. Laguntzaileen lana eskertu dute Errotako kideek, eta maparen ibilbidea luzea izan dadin espero dute.
*Argazkian, ezkerretik eskuinera: Aitor Salaberria (Pasaia-Lezo Lizeoa), Ane Aznar (Errota Guraso Taldea), Iker Vidal (Pasaia-Lezo Lizeoa), Itziar Salaberria (Errota Guraso Taldea), Mikel Arruti (Lezoko alkatea) eta Agustina Pontesta (Pasaia-Lezo Lizeoa eta maparen osaketaren laguntzailea).
* Albiste honen bukaeran mapa PDF formatuan