Pasa den ostiralean estreinatu zen “Badiako ikastola txiki kementsu haiek” dokumentala, Lezoko eta Pasaiako Udalek antolatuta. Guretzat, ordea, ez zen dokumental baten estreinaldi hutsa izan; gure historiarekin bat egiteko eta bide honen hasierako urratsak gogoratzeko une berezia baizik.
Egun Pasaia-Lezo Lizeoa dena ez zen ezerezetik sortu. Pasaiako lau barrutietan eta Lezon, frankismo betean, ikastola txikiak sortu zituzten andereñoek, gurasoek eta herritarrek jarri zituzten gaur elkarrekin egiten ari garen bidearen lehen harriak. Euskaraz ikasi eta hezi nahi zuten, eta horretarako debekuei, isunei eta errepresioari aurre egin behar izan zieten. Kemenarekin, ausardiarekin eta elkarlanarekin.
Bide horren emaitza gara gu.
Horregatik, Ahotsak.eus ekimenak ekoitzitako dokumentalaren estreinaldia garai hartako andereño, guraso eta herritar guztiei egindako omenaldia ere izan zen. Dokumentalak haien ahotsak, oroitzapenak eta bizipenak bildu eta pantailara ekarri ditu, garai hartako ikastolen historia ezagutzeko eta gaur egun garena nondik gatozen gogoratzeko.
Ekitaldia borobiltzeko, Lizeoko abesbatzak eta Jurgi Ekizak “Zor diegu” kantua interpretatu zuten. Izenburuak dioen bezala, zor diegu.
💚 Zor diegu euskaraz ikasteko eta bizitzeko bidea ireki zutelako.
💚 Zor diegu amore eman ez zutelako.
💚 Zor diegu gaur garena posible egin zutelako.
Eta hau ez da hemen bukatu. “Badiako ikastola txiki kementsu haiek” dokumentalaren pase berriak prestatzen ari gara, eta urrian zehar han-hemenka ikusteko aukera izango da. Laster esango ditugu datak eta lekuak.
Gure historia ezagutzea ere etorkizunari begiratzeko modu bat da.
Badiako ikastola txiki kementsu haiek, orain gu gara!