Skip to main content

Ikastolen Ikasturte Hasiera Ekitaldia: “Bagatoz, indar berriz”

Irudia
-

IKASTOLAK izango da ikastolen mugimendua izendatzeko erabiliko dugun hitza

Ikastolak indar berriz gatoz, betiko balioekin eta proiektu berriekin, eta aldi berri baterako irudi berri batekin. Halaxe azaldu dute, gaur, Bergaran, Ikastolen Ikasturte Hasiera Ekitaldian, ikastoletako ordezkariek. Bergarako Seminarixoa mukuru beterik zegoela ospatu dugu ekitaldia ikastolok, eta bertan hitza hartu dute Ikastolen lehendakari Nekane Artolak, lehendakariorde Erik Etxartek, zuzendari nagusi Agurne Barrusok eta Ikastolen Lagunak elkarteko kide Katty Iglesiasek.

Iazko ekainean ospatutako Zazpigarren Batzarrean hartutako erabakiak martxan jartzeko ikasturtea dugu aurtengoa. Euskal gizarteak dituen erronkei eta hezkuntzari egiten dizkion eskakizunei erantzuteko unea dugu. Ikastolen Ikasturte Hasierako Ekitaldian azaldu ditugu erronka horiek: pertsonen aniztasuna eta ekitatea, kulturen arteko harremanak, euskara eta euskal kulturaren transmisioa, denon lurraren geroa, lurraldeen arteko lotura eta sareak, garapen pertsonala eta elkarren zaintza, lan mundua eta gizarte onura...

Aspaldian, hizkuntza, hezkuntza zein herrigintzari aipamena egiten dioten diagnostikoek errealitatea bere gordintasunean azaldu digutela, esan da ekitaldian. Geldialdi batean gaudela dirudi baina Ikastolok ez dugu etsipenean erori nahi, indarraldira jo nahi dugu. “Gure aurrekoek gurea baino askoz garai zailagoan sortu zituzten ikastolak. Orain ere, azken urteotan sortu diren ikastoletako batzuk ingururik zailenetan sortu dira. Geure lana da bagatoz esatea. Itzalei argia eskaintzea, garai zailei ekimena, erronkei ilusioa. Eta haurrei irribarrea. Bagatoz lanera, heztera, jolastera, eta garena izateaz gozatzera”.

Erronka berriak aipatu dira gaurko ekitaldian, eta haiei erantzuteko gogoetak eta egitasmoak lantzen ari gara Ikastolak. Horietako batzuk aipatu dituzte gaurko ekitaldian: inklusiotik ekitatera jauzi egiteko egitasmoa; euskararen erabilera indartzekoak; digitalizazioari neurria hartzekoa; pertsona, gizakia, hezkuntzaren erdian jartzen duen eredu batera jauzi egitekoa. Eta aipamen berezia egin nahi izan zaio ikasturte honetan DBHn eta datorren ikasturtean Lehen Hezkuntzan ezarriko den Onki programari, ikuspegi holistiko batetik landu duguna eta lantzen ari garena, zeinak pertsona bakoitza bere osotasunean hartuz, Ikastolen komunitatearen ongizatea zainduko duen, bereziki ikasleena.Zer egin nahi dugun eta egitera goazen bezala, nola egin nahi dugun ere azaldu dute ikastolen ordezkariek: “Garai honek jarri dizkigun erronkei ere halaxe erantzungo diegu, komunitate gisa, auto-eraketaren bidez erabakitzen eta antolatzen ditugun bideak urratuz”, baina ikastolokin batera bide horiek jorratu nahi dituzten hezkuntza eta gizarte eragile guztiekin batera.

Marka berri bat, aldi berri baterako

Ikastolok marka berria estreinatu dugu. Erronka berriak ditugu euskal gizartean eta ikastolek ilusioz heltzen diegu erronka berriei, ikuspegi berrietatik jardunez, egitasmo berriak sortuz, erantzun berriak eskainiz, eta orain marka berriarekin. IKASTOLAK da ikastolen mugimendua izendatzeko erabiliko dugun hitza, Ikastolen Elkartea ordezkatu duena.

IKASTOLAK hitzak berak deskribatzen baitu ongien gure komunitatea, 115 ikastolak, 46.000 familiak, 55.500 ikaslek, 3.700 langilek eta milaka ikastola lagun eta ikastolazalek osaturikoa, “eta batez ere, zenbakiak baino askoz haratago iritsi nahi duen proiektu herritar bat”, ekitaldian azpimarratu denez: “Biharko euskal herritarrak gaurtik hezten dituen hezkuntza sare eraldatzailea osatzen dugu”.

Aldi berrirako aukeratu dugun izenak eta logotipoak gure izaera erakusten du: Izar itxurako ikurrak sarea irudikatzen du, horixe baikara: ikastola bakoitzean komunitate bat, saretuta; eta Euskal Herriko ikastola guztien artean beste komunitate bat, hura ere saretuta. IKASTOLAK. Hitz hasierako 1 horrekin, bat garela esan nahi dugu. Zazpiak bat. Edo 115ak bat. Historikoki erakutsi dugun ausardia ere jasotzen du i hizkiaren ordez, zenbaki bat sartzeak. Eraldatzaileak gara, geure burua eraldatzeko prest gaudelako. Amaierako -k horrekin plurala egiten dugu, gure arteko aniztasuna aldarrikatuz, eta aldi berean kolektibo bat garela erakutsiz. Asko gara, ezberdinak gara. Denok gara ikastola.

Palestinari erreferentzia

Israelgo Estatua Gazan palestinarren aurka burutzen ari den genozidioaren aipamena ere izan du ekitaldiak. Eta bereziki hil dituzten haur palestinarrak izan dituzte gogoan: “Haurrak dira gizarte bateko talderik zaurgarriena eta herri batek daukan altxorrik handiena. Haurrak etorkizuna dira, bai Euskal Herrian... eta baita Palestinan ere. Haiek ere merezi dute, bizitzea, ikastea, jolastea, zoriontsuak izatea eta etorkizun bat eraikitzea. Palestinako haurrak gureak ere badira. Ikastolak bagatoz, munduko haur guztiak errespetuz eta maitasunez haziko dituen mundu bat eraikitzera!”

Ikastoletako ikasle ohien ikuskizunak

Imanol Epelde arduratu da Bergarako Seminarixoan ospatutako ekitaldiaren aurkezpen lanak egiteaz, eta ikastoletako bi ikasle ohien ikuskizunez gozatzeko aukera ere izan dute aretoa mukuru bete duten ikastolazale eta gonbidatuek. Angeluko Sunita Camblong abeslariak eta Lesakako Martxel Rodriguez dantzariak hartu dute parte ikuskizun horietan.