Skip to main content

Bagatoz, indar berriz!

Irudia
-

Ikasturte berriaren hasieran, Ikastolen Elkarteko eta lurraldeetako lehendakariek —tartean, Lizeoko lehendakaria ere baden Nekane Artola— gutuna plazaratu dute, ikastolen mugimenduaren indarra, ilusioa eta konpromisoa berriz azpimarratuz.

Ikastolen asmoak euskal gizartearekin partekatu nahi dituzte: ikastolak bizirik gaude, mugimenduan, eta biharko Euskal Herriak behar duen hezkuntza ereduarekin gatoz, jasangarritasunaren, inklusioaren eta euskararen ardatzetik.

 

Irakurri gutuna: 

 

 

Bagatoz ikastolak; bagatoz, indar berriz!

Nekane Artola, Unai Mendizabal, Josu Telleria, Erik Etxart, Oier Sanjurjo eta Aitor Elizaran

2025eko urriaren 14a

 

Aste batzuk badira ikasturtea hasi genuela. Ikasturte berri bat. Hasiera guztiek ekarri ohi dute zerbait berria, eta Ikastolok ere, ikasturte honekin batera, aldi berri bat abiatu nahi dugu. Erronka berriak ditugu euskal gizartean, eta ilusioz heldu diegu horiei guztiei; ikuspegi berrietatik jardunez, egitasmo berriak sortuz eta erantzun berriak eskainiz. Eraberrituta eta indarberrituta gatoz, biharko Euskal Herriak behar duen Ikastola ereduarekin.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa eta Zuberoa biltzen dituen antolamendua gara Ikastolak. Zazpi herrialdeetan dihardugun Hezkuntza Egitasmoa gara. Baina egitasmo hitzetik gehiago gustatzen zaigu egitearena, asmoarena baino. Egitate bat gara.

Euskal Herri osoan euskaran eta euskal kulturan ardaztutako hezkuntza garatzen duen sare eraldatzailea gara. Hezkuntza eredu bat lantzen dugu, antolatzeko modu bat, herrigintzarako molde bat. Eta egiten dugun lan hori behar bezala azaltzen, aldarrikatzen eta babesten jarraituko dugu.

Biharko euskal herritarrak gaurtik hezten dituen komunitatea gara. 55.500 ikasle ditugu. 46.000 familia gara. 3.700 langile... eta batez ere, zenbakiak baino askoz haratago iritsi nahi duen proiektu herritar bat. Ez dago gure umeen irribarre bat neurtuko duen daturik. Bagatoz Euskal Herri osotik!

Biharko euskal herritarrak gaurtik hezten dituen komunitatea gara. 55.500 ikasle ditugu. 46.000 familia gara. 3.700 langile... eta batez ere, zenbakiak baino askoz haratago iritsi nahi duen proiektu herritar bat. 

Komunitate herrikoia, kooperatiboa, solidarioa, prestatua eta konprometitua gara. Erronkei ere halaxe erantzungo diegu, komunitate gisa, autoeraketaren bidez erabakitzen eta antolatzen ditugun bideak urratuz.

Erronkak aipatu ditugu eta horietako bakoitzari erantzuteko gogoetak eta egitasmoak lantzen ari gara. Bagatoz, inklusiotik ekitatera. Bagatoz, euskararen erabilera sustatzera. Bagatoz, digitalizaziori neurria hartzera. Bagatoz pertsona, gizakia, hezkuntzaren erdian jartzen duen eredu batera. Bagatoz proiektu berriekin!

Bagatoz pertsona, gizakia, hezkuntzaren erdian jartzen duen eredu batera. 

Bagatoz diogu, bagatozelako lanera eta bidea egitera. Bagatoz horretan denok kabitzen gara. Barruan darama gonbidapena: bazatoz?. Bagatoz horretan sartzen da gurekin batera bidea egin nahi duen pertsona eta proiektu oro. Elkarlanean sinesten dugu, besteen iritziak entzutea gustatzen zaigu eta adostasunak bilatzeko lan egiten dugu. Adostasunak bilatzeko bidea, sarri, gorabeheratsua izaten da; baina bitarte horretan ez gara egonean geratuko. Ez daukagu hausnarketetan giltzatuta geratzeko astirik. Gure egitekoa hobetzeko gogoetak beti egingo ditugu, baina lanean, bidea egiten dugun bitartean.

Euskara ofiziala den zein ez den lurraldeetan ari gara lanean, garaiko erronkei helduz. Bagatoz, betiko balioekin eta proiektu berriekin. Eta bagatoz zuekin, orain arteko gure bidelagunekin eta bidelagun berriekin. Erronka hauei modu kolektiboan heltzeak bidea eta emaitza aberasgarriago egiten dituelako. Gure herriak behar duelako.

Hizkuntzaren, hezkuntzaren eta, oro har, gizarte mugimenduaren inguruko azken ikerketek eta diagnostikoek egoeraren gordina erakutsi digute. Geldialdi batean gaudela dirudi. Larrialdia deitu diogu euskalgintzan. Horrek, ordea, ez gaitu etsipenera eramango. Garai zailagoetan milaka herritarren grinari eta intuizioari esker gaur arte iraun duten proiektu sendo eta ederrak sortu ziren, ikastolak kasurako. Azken urteotan sortu diren ikastoletako batzuk ingururik zailenetan sortu dira. Beraz, gure lana da bagatoz esatea. Bagatoz indarraldira. Itzalei argia eskaintzera, garai zailei ekimena, erronkei ilusioa. Eta haur, nerabe eta gazteei irribarrea.

Geldialdi batean gaudela dirudi. Larrialdia deitu diogu euskalgintzan. Horrek, ordea, ez gaitu etsipenera eramango. Bagatoz indarraldira. Itzalei argia eskaintzera, garai zailei ekimena, erronkei ilusioa. Eta haur, nerabe eta gazteei irribarrea. 

Euskal Herri osoa hartzen duen proiekturik handiena gara. Eta ez dugu harrokeriaz esaten, sentitzen eta egiten dugunetik esaten dugu. Ez baita muskulu kontu bat bakarrik, bihotz kontu bat da. Milaka eta milaka herritarren bihotz taupadek ekarri gaituzte honaino. Bizirik gaude, mugimenduan. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Eta horrek esan nahi du gure komunitatearen ardura direla milaka haurren irribarre eta ametsak. Horregatik, itzalei argia, garai zailei ekimena, erronkei ilusioa eta haurrei irribarrea!

Bagatoz indar berriz! Bazatoz.

Azken albisteak

Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek eta irakasleek mendi txango zoragarria egin dute: Doniba
Aste honetan ere Oarsoaldeko Hitza astekarian tartea izan du Pasaia-Lezo Lizeoak.
Gure sei ikastoletako atarietan elkartu gara Palestinako herriari elkartasuna adierazteko.