Biharko Lizeoa eraikitzeko bideorria onartu genuen abenduaren 10eko Urteko Batzarrean, eta kronika txiki bat prestatu dugu bertan hitz egindakoak kontatzeko. Juanba Berasategiko areto nagusian egin zen batzarra, eta 172 bazkidek hartu zuten parte, bazkide guztien %11’81ek.
Lehenik 2024-2025eko balantzea azaldu zuten zuzendariek eta kudeatzaileak: lan ildo nagusietan egindakoak, emaitza pedagogikoak eta balantze ekonomikoa. Balantzeen auditoria ekonomikoa, azken urteotan bezala, Alter Consulting enpresak egin du. Bozketaren zenbaketa egin ondoren, ontzat eman zen %100eko baiezkoarekin.
2025-2026rako asmoak zerrendatu ziren ondoren, eta atalik garrantzitsuenarekin jarraitu: 2025-2029rako Plan Estrategikoa xehetasunez azaltzea. Kalitatezko hezkuntza euskaldun eta euskalduntzailea ahalik eta jende gehienarentzat eskaintzen jarraitu nahi dugu, horretarako bost ildotan gure buruari etxerako lanak jarriz:
Euskalduntzea Ikasleak hezkuntza proiektu euskaldunean hezteko hizkuntza proiektua egungo testuingurura egokitzera goaz, kultur transmisiorako tresnak hobetzera, harrera linguistiko kulturalak lantzera, soziolinguistika curriculumeko etapa guztietan txertatzera.
Kalitatezko hezkuntza Hobekuntza pedagogikoan urratsak ematera goaz, irakurketa-idazketa plana berritzera, digitalizazioaren intentsitatea jaisteko neurriak hartzera, kanpo espazioen erabilera indartzera.
Komunitatean Ikastola ereduaren inplementazioan sakontzera goaz, elkarrekin ekiteko gelaburuen foroak eta batzordeak aktibatzera, euskara batzordea, kasu.
Herrigintzan Jarduera akademikoa herriekin gehiago lotzera goaz, herrigintzako eragileekin proiektu bateratuak sustatzera, Euskal Herriko gainerako ikastolekin batera hezkuntza nazionala bultzatzera. Baita, 2026an, Lizeoaren urteurrena ospatzera ere.
Kudeaketa onez Sarbide unibertsala ahalbidetzeko eta badiara egokitutako kuotak izaten jarraitzeko lanean segitzera goaz, barrutietan erreferente izateko lanean jarraitzera, Trintxerpen, bereziki, Lilitegia Lizeoaren egituran gehituta, eta egunerokotasunean elkar zaintzera.
Horrenbestez, testuinguru zailagoan lan egiteko ikastolari bultzada ematera goaz, betiko asmoekin baina indarberrituta.
Atal ekonomikoan, bestalde, egoera ekonomiko zailaren berri eman zen. Ondorioz, 2026 urterako, 0 eta 18 adin tartean Lizeoko kuota KPIren araberako igoera (%3’30) izatea proposatu zen, eta ekarpen bereziarekin jarraitzea zailtasun ekonomikoei aurre egiteko: familiek, 2’50€ ikasleko eta hileko, eta langileek, soldata gordinaren %0’50.
2025-26 ikasturterako asmoak zein plan estrategikoa gehiengo osoz babestu zituen batzarrak. Aurreikuspena ontzat eman zen honako emaitzekin: %98,78ko baiezko, %0,61 baliogabea eta %0,61eko abstentzioa. Plan estrategikoa, berriz, ontzat eman zen honako emaitzekin: %98,78ko baiezko eta %1,22ko abstentzioa.
Horrez gain, Artezkaritza Kontseiluaren berritzea ere berretsi zen. Lau kontseilukide berritu ziren, eta proposatutako pertsonak onartuak izan ziren: %93’29ko baiezko, %2’44ko baliogabe eta %4’27ko abstentzioarekin.
Artezkaritza Kontseilua, beraz, honela geldituko da osatua:
Bazkide erabiltzaileak: Edurne Emazabel Izagirre, Izaskun Moreno Yanci, Itziar Elorza Zorrozua, Nekane Artola Labordeta, Tania Trecet Urretabizkaia, Garikoitz Agote Alberro.
Lan bazkideak: Aitzol Polanco Alberdi, Saioa Muguruza Sarasua, Nagore Antunez Oiarzabal, Maialen Esnaola Maudes, Olatz Otxoa Pedrosa, Eider Santos Zabalo.
Bazkide laguntzaileak: Txema Maritxalar Picaza, Jabier Zubizarreta Arantzamendi, Josune Saizar Sarasua, Elena Mendia Epelde, Karmele Sistiaga Toledo
Komunitatearen ahotan
Ohi moduan, urteko batzarra borobiltzeko hiru egitasmo nabarmendu genituen batzarraren amaieran.
Antxoko Txinparta guraso taldeak bere burua ezagutzera eman zuen. Irune Sanchez Linazasoso eta Saioa Kerexeta del Valles arduratu ziren horretaz. Taldearen ardatzak euskararen sustapena, feminismoa eta herri-ekimena dira. Haiekin harremanetan jartzeko bi bide zehaztu zituzten: Instagram bidez edo hileko lehen ostegunetako arratsaldeetan, Antxoko ikastolara gerturatuta. Ongi etorri, bidelagun izango gaituzue!
Segidan, DBHko lehenengo mailako bi ikaslek, Uxue Crespo Kortabarriak eta Garazi Gantxegi Bernedok Hedatzeko Ongi Etorri saioen dinamika kontatu ziguten. Hemen duzue ekimenaren berri.
Azkenik, Batxilergoko bigarren mailako lau ikaslek, Egoi Suberviola Mariñok, Markel Amat Baztarrikak, Ekaitz Rodriguez Andresek eta Oihan Artola Riañok, iaz abiatutako Soziolinguistika ikerketen berri eman zuten. Batxilergoko lehen mailako ikasleek euskararen erabilerari buruzko neurketa zientifikoak egin zituzten hainbat egoeratan, eta, ondoren, egoera hobetzeko proposamenak landu zituzten. Egindako lana eredugarria izan zenez, txalo zaparrada batekin eskertu zen ikasle guztien ahalegina. Hemen duzue ekimenaren berri.
Komunitateko kideek bidalitako irudiekin osatutako Euskararen Mosaikoaren proiekzioarekin itxi genuen batzarra.