Aste honetan, datorren ikasturtean Pasaia-Lezo Lizeoko komunitatera batuko diren familia berriekin bildu gara. Topaketaren helburua bikoitza izan da: alde batetik, ikastolaren nortasuna, eginkizuna eta antolaketa ezagutaraztea; eta bestetik, datorren ikasturtearen hasierari begirako lehen informazio eta azalpenak partekatzea.
Bilera aukera paregabea izan da elkar ezagutzen hasteko eta Lizeoaren hezkuntza proiektuaren oinarriak aurkezteko. Izan ere, Lizeoa euskaratik eta euskaraz eraikitako hezkuntza proiektu komunitarioa da, parte-hartzea, elkarlana eta pertsona bakoitzaren garapen integrala ardatz dituena.
Horregatik, oso garrantzitsua da gure komunitatera batu berri diren familiek proiektuaren izaera eta balioak gertutik ezagutzea, datozen urteetan elkarrekin egingo dugun bidearen lehen urratsak partekatuz.
Eskerrak eman nahi dizkiegu bileran parte hartu zuten familia guztiei, erakutsitako interesagatik, konfiantzagatik eta gertutasunagatik. Poz handia da familia berriak gure komunitateko kide izatea.
Ongi etorri Lizeora. Elkarrekin egingo dugu bidea.