Ikasturte amaierari begira, LH5eko eta LH6ko ikasleek bertso saio polita eskaini dute Juanba Berasategi aretoan.
Saioaren ardatza bat-batekotasuna izan da: ikasleek papertxo batean ausaz jasotako bi oin abiapuntu hartuta, kopla bana sortu eta gainerako ikasleen aurrean kantatu dituzte. Erronka polita izan dute.
Bertsotarako, aurrez ikasitako lau doinu erabili dituzte: Maritxu nora zoaz, Baldarrak, Ikusi nuenean eta Behin batian Loiolan (zaharra).
Ikasle hauek astean ordubetez bertsolaritza lantzen aritu dira ikasturte osoan zehar. Ikasturteari hasiera Joanes Ilarregirekin eman zioten eta amaiera Andoni Rekondorekin egin dute, ikasitakoa oholtza gainean erakutsiz.
Saio honek ikasleen lana, sormena eta bertsolaritzarekiko gertutasuna agerian utzi ditu.