Pasaia-Lezo Lizeoak eta Pasaiako Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Antxoko ikastolako Usoz eremuaren erabilera, zaintza eta mantenua arautzeko. Akordioak urte luzez mahai gainean egon diren hainbat gai argitzeko aukera emango du, eta, aldi berean, etorkizunera begirako lanerako oinarriak ezarriko ditu.
Hitzarmenaren bidez, argi zehaztu dira Usoz eremuaren erabilera-irizpideak, mantentze-lanen eta garbiketaren ardurak, eta espazioaren kudeaketari lotutako hainbat alderdi. Horrek segurtasun juridiko handiagoa emango die bai ikastolari bai Udalari, eta eguneroko jarduna errazago antolatzeko aukera eskainiko du.
Akordioak bereziki aitortzen du ikastolak duela lehentasunezko erabilera eskola-orduetan, eta, aldi berean, herritarren erabilera publikoa bermatzen du ikastolaren jarduera amaitzen denean. Horrela, hezkuntza-komunitatearen beharrak eta herritarren erabilera uztartzeko oinarriak ezarri dira.
Bestalde, hitzarmenak mantentze-lanen eta garbiketaren ardurak modu argian banatzen ditu. Horri esker, urteetan zehar sortu diren zalantza eta interpretazio desberdinak argitu ahal izango dira, eta espazioaren zaintza eta kontserbazioa hobeto antolatzeko aukera izango da.
Etorkizunari begira, akordioak beste urrats garrantzitsu bat ere jasotzen du: Usoz eremuaren berrantolaketa lantzeko konpromisoa. Horretarako, parte-hartze prozesu bat abiatuko da datozen hilabeteetan, eta bertan familiek, langileek eta gainerako erabiltzaileek espazioaren etorkizunari buruzko proposamenak egin ahal izango dituzte. Helburua da Usoz eremua pixkanaka gaur egungo beharretara egokitzea eta komunitatearen nahiei erantzutea.
Pasaia-Lezo Lizeoko zuzendari Iker Vidalek positibotzat jo du lortutako akordioa eta hitzarmenak ikastolari zein herriari onurak ekarriko dizkiola nabarmendu du:
“Familiek egindako eskaera bati erantzuten dio hitzarmen honek. Elkarlanaren bidez, espazio horren erabilera, zaintza eta etorkizuna modu argiagoan arautzeko oinarriak ezarri ditugu, eta hori oso positiboa da guretzat”.
“Aurrerantzean argiago zehaztuta geratuko dira erabilera-irizpideak, mantentze-lanen eta garbiketaren ardurak, eta horrek segurtasun juridiko handiagoa emango die bi aldeei. Gainera, hitzarmen honek ikastolako jolastokiaren etorkizuneko berrantolaketarako oinarriak ezartzen ditu. Horri esker, parte-hartze prozesu baten bidez, eremuaren etorkizuna elkarrekin irudikatu eta diseinatu ahal izango dugu”.
Hitzarmenak, halaber, behin-behineko neurri bat ere jasotzen du Antxoko aparkaleku-egoerari erantzuteko. Ikasturtea amaitu ondoren eta Topoko lanak bukatu arte (urte amaiera), Usoz eremua gaueko aparkaleku gisa erabili ahal izango da ordutegi jakin batzuetan. Nolanahi ere, bi erakundeek azpimarratu dute neurri horrek aldi baterako izaera duela eta Usoz eremuaren funtzio nagusia hezkuntzari, jolasari eta komunitatearen erabilerari lotuta jarraituko duela.