Skip to main content

Bokaleren IV. Topaketan, gure komunitateko bi kide saritu

Irudia
-

Urko Etxebeste eta Kontxita Beitia euskararen alde egindako ibilbideagatik omendu dituzte.

San Pedroko Ertin ospatu zen Bokaleren IV. Topaketan, euskararen aldeko lana eta ibilbidea aitortzeko sariak banatu zituzten. Lizeoan poz handiz hartu dugu gure komunitateko bi kide sarituen artean egotea: Urko Etxebeste eta Kontxita Beitia.

Urko Etxebeste, antxotarra, Lizeoko gurasoa eta ikasle ohia, euskarazko kazetaritzaren alde egindako ibilbideagatik saritu dute. 1998an Pasaiako Branka aldizkarian hasi zen lanean, eta 2003an Oarsoaldeko Hitza sortu zutenen aitzindarietako bat izan zen. Gaur egun, Oarso Bidasoko Hitza hedabideko zuzendaria da. Euskarazko komunikazioaren eta kazetaritzaren garapenean egindako ekarpenak merezitako aitortza jaso du.

Kontxita Beitia, bestalde, ikastolen mugimenduaren aitzindarietako bat da. Frankismo garaian, Antxoko ikastola sortu zuen bere gurasoen etxean, euskarazko hezkuntzaren aldeko konpromisoari eta ausardiari esker. Ikastola hura egungo Lizeoaren sorreraren hazietako bat izan zen. Gerora, Donostiara bizitzera joan zen, eta Zurriola ikastolaren sorreran ere parte hartu zuen.

Euskarazko kazetaritza, euskarazko hezkuntza eta herrigintza: gure komunitatearen historian eta euskararen biziberritzean arrastoa utzi duten bi ibilbide dira Urko eta Kontxitarenak.

Lizeoan harro gaude zuen ekarpenaz. Zorionak, Urko eta Kontxita, eta eskerrik asko euskararen alde egindako lan guztiagatik! 💚

Azken albisteak

Elkarbizitza, abenturak eta esperientzia berriak partekatzeko aukera izan dute Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek.
Lizeoan euskararen egoera soziolinguologikoa aztertzen ari gara, ezagutza eta erabileraren arteko harremana hobeto ulertzeko.
Uretan ikasi, konfiantza hartu eta gozatzeko aukera izan dute LH2ko ikasleek.