Skip to main content

Euskara ez da hain hizkuntza txikia!

Irudia
-

Lizeoan euskararen egoera soziolinguologikoa aztertzen ari gara, ezagutza eta erabileraren arteko harremana hobeto ulertzeko.

Nola dago euskara? Zer diote datuek? Eta zer harreman dago hizkuntza bat ezagutzearen eta erabiltzen denaren artean? Galdera horiei erantzuteko, soziolinguistika-formazio saioak egiten ari gara Lizeoan, Pasaiako Euskara Planaren Soziolinguistika programaren baitan.

Formazio-saioak bi kolektibori zuzenduta daude. DBH eta Batxilergoko irakasleek prestakuntza-saioa jaso dute, eta DBH 4. mailako ikasleak ere ari dira gai honetan sakontzen. Saioak gelaz gela eskaintzen ari dira Emun kooperatibako Mikeldi Zeberio eta Saioa Zabala.

Euskararen ezagutza eta erabilera, datuen bidez

Saioetan, euskararen egoera aztertzen dute, ezagutzaren eta erabileraren inguruko datuak landuz. Besteak beste, gazteen artean euskararen ezagutza adin nagusikoen artean baino handiagoa dela ikusten da, eta erabilera ere handiagoa dela, nahiz eta gazteen adin-tarte batzuetan erabilerak behera egin.

Joera hori alderantzizkoa balitz, hau da, ezagutza eta erabilera handiagoak balira adin nagusikoen artean, euskararen etorkizunari begira egoera kezkagarriago baten aurrean geundeke. Gazteen artean ezagutza eta erabilera handiagoak izatea, beraz, euskararen biziberritzearen ikuspegitik datu esanguratsua da.

Datuak ezagutzea eta ulertzea ezinbestekoa da euskararen egoerari ikuspegi zabalagoz begiratzeko, egindako aurrerapausoak baloratzeko eta oraindik ditugun erronkak identifikatzeko. Izan ere, euskararen egoera ezagutzea haren etorkizunean eragiteko lehen urratsa da. 

Azken albisteak

Elkarbizitza, abenturak eta esperientzia berriak partekatzeko aukera izan dute Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek.
Urko Etxebeste eta Kontxita Beitia euskararen alde egindako ibilbideagatik omendu dituzte.
Uretan ikasi, konfiantza hartu eta gozatzeko aukera izan dute LH2ko ikasleek.